Agurra eta Ohorea - 3

Nire arbasoen milaka belaunaldi jaitsi dira lur honetara. Batzuetan, harrizko pasillo artean nabilela, lurraren usaina igotzen da. Zaharra eta familiarra da, eta berehala dakit lur hori
nigan dagoela.
Hemen ehortzia izan naiz ehun hilerri txikitan.

47

10. MIKEL GOIKOETXEA TXAPELA
1983ko abenduaren 23an tirokatu zuten Txapela, Donibane Lohitzunen, eta egun batzuk larri igaro ondoren hil zen Bordeleko ospitalean.
Txapelari eskaini zitzaion azken agurraren harira, Kristian Etxaluzi
galdetu nahi izan dizkiot orduko oroitzapenak:
Txapela hil zelarik estreinatu ginuen ehorzketa mota berri hau.
Lehenago, Larzabalek Sokoako kapela edo elizan muntatzen
zituenak, politikaz josiz erritual giristinua, untsa ziren, egokiak
gure gustuko. Baina Larzabal xahartzen hasi zen eta senditzen
zen huts bat bazegoela, gainera gero eta gehiago baziren erraiten zutenak berek giristinokeririk ez zutela nahi hiltzean.
GAL hasi zelarik, gogoratzen naiz Katturen ehorzketaz. Bere
gorputza luxuzko kutxa batean zegoen, Azkoititik familiak
ekarria, eta agur bat egin ginion St. Andresko plazan, auzian
manifestaldi giroa sartuz, diskurtso militantea, gorak. Gero
ere, kotxeekin joaiten baitzen muga artio laguntzera, manifestaldi giroa segituz.
Txapela jo zutelarik ez zen berehala hil, aste bat edo Bordeleko ospitalean pasatu zuen koman. Orduan, bere lagunek astia
ukan zuten deliberatzeko bere hiletari buruz. Bestalde, baginakien ere Izaskun, bere emazteak, familiarekin egin ahalak egiten zituela onhartaratzeko bere xedea: batek edo besteak, hiltzen balitz, nahi zuela errea izan eta hautsak itsasoan hedatuak
izan daitezen. Hortan eta Izarren Hautsak kondatzen duenean
bazuten beren sinismen erlixioso Jainko gabekoa. Txapelaren
omenaldiaren aintzin, ukan ginuen bilera bat errefuxiatuen

48

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

komiteko arduradun bat edo biekin, bai gure Xamanarekin
(hiltzea hain hurbil pasatu zaion nun bista galdu zuen).
Bakotxak ematen zuen bere iritzia. Xamanak nahi zuen omenaldia leku bildu eta austero batean pasatzea; arduradunek aipatu zuten hemen goian idatzi dutana, informazioa helarazi
zuten erraiteko giristinokerirekin mozte bat suposatuko zuela;
ni, aldiz, sinbologiaren garrantziari apuntatzen. Hortan, adostu
ginuen eszena tokia: hilaren aurpegia koadro batean marraztua,
eta aurrean mahai bat, ikurrina gainean, nun pausatuko ziren
hautsak (“gorputza” dio Xamanak). Agertuko ziren ere Arrano Beltza, bai eta ere Eguzki Lorea, bainan gehiagorik ez. Nere
ideia zen eszenifikazioa ez zela manifestaldi batena izan behar
bainan bai omenaldi batena, abertzale guziak juntatzen ahalko
lituzkeena, bai momentukoak bai eta ere gudari guzientzat eskaintzen ahal dena, ia beren erakunde berezia utzia dutelarik
bizia eman dutelakoan aberriarengatik, ia beren hautu dorpetik
askatuak.
Bi edo hiru egun gelditzen ziren dena prestatzeko: jenden
parte hartzea, marrazkilarien ekoizpenak, lekua lortzea eta
apaintzea, eta jakinaraztea zeremonia bat antolatzen ginuela,
azken agur-omen bat, Donibane Lohitzuneko Jai Alaian.
Uste dut arduradun izendatu ninduela Xamanak. Bilera horren ondotik, etxera etorri zitzaizkidan beste bi lagun, animatzeko. Erran nahi dut kontziente ginela sorkuntza bat izanen
zela eta garrantzia bazuela gure ixtorioan. Galdegiten banauzu
nire inpresioak, erran nezake senditzen nintzela antzerki direktore bat bezala, “primera”ren bezperan, bai eta “konpañera”
bezela erakundeari eskertzeko egin behar batekin.

49

Egin nuen lehen gauza izan zen Jai Alaira joatea eta lekua senditzea publikoaren aldean jarriz, argia nundik ixurtzen zen,
ingurumenaren kolorea hartu.
Orduan, behar nuen hautatu, eszena tokia frenteko paretan
jartzea edo jenden aurrean. Jakin behar da Jai Alaia ez zela
baliatzen pilota partidoetatik aparte. Nabari da hurbiltasuna
hautatu nuela eta biziki ederra zela negu goizetako argi hotz
hura.
Gero, Xamanarekin (ondo gogoratzen baniz) izan ginen alkatearen ikustera, herriko etxearen leku batean omenaldi horren
antolatzeko baimena aurkitzeko. Iturralde deitzen zen eta euskalduna izanik ere ez zuen bere burua abertzaletzat emaiten.
Eskuinekoa eta abar, bainan jendea. Ez zen problemarik izan
eta gogoratzen naiz, geroago kondatu nuelarik lagun batzuei
nola pasatu zen, begiak malkoz betetzen zitzaizkiela, zeren eta
oso argi nuen alkatea eta gu bere komunitatekoak senditzen
ginela momento hartan, komunitate atakatu batekoak. Gidoia
prestatu, jenderi beren ekarpenak eskatu, dena problemarik
gabe.
Bainan beldurra ere sartzen ari zen ni baitan: GALekoek hortaz profitatzen bazuten berena egiteko? Fotoak egiten bazizkiguten? Orduan, galdegin nuen ordena zerbitzu diskreto bat
izendatzea eta antolatu nuen periodistendako filtraje bat. Beren paperak erakutsi beharko zuten eta besoko bat “prensa”
ezarri beharko. Beste guziek ezingo zuten fotorik egin. Egia
erraiteko, horrek ninduen gehienik preokupatzen.
Gidoiaren ideia zen gutti gorabehera eleizakoa kopiatzea: lehen partean bi lekukotasun, prediku erdian musikarekin esan

50

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

nahi bat hiltzeari ematea, “komuniatze” bat hilaren gorputzarekin, eta azkenean musikarekin berriz “goazen aurrera”
transzendental bat.
Jendea etorri zen Jai Alaia lepo artio betetuz. Sartzen zirelarik,
barnean Sorozabalen Gernika musika grabatua emaiten zen.
Kantxan eszena toki apal bat bainan zabala, erdiaren eskuinean; ezkerrean banko batzuk familia eta hurbilentzat, bai eta
ere parte hartu behar zutenentzat; erdian Txapelaren koadroa,
ikurrin haundi bat paretan eta aurrean arrano beltza; haren
gainetik eguzki lore eder bat; mahaiaren gainean saski bat
minbrez espres egina hautsen urna hor barruan ezartzeko. Eszenaren gainean, pianoa eta musika instrumentuak, mikroak.
Urrunago, frenteko paretaren kontra, txalaparta eta sartu ziren periodisten tokia.
Hastean txalapartarekin Izaskun sartzen da urnarekin, Xamanaren besotik. Uzten du urna eta bere ondotik sartzen dira,
haiek ere pilotariak sartzen diren atetik, lagun hurbilak eta familia, 30 bat orotara.
Bi hitz erraiteko zertara bilduak ginen (ez naiz oroitzen nork
erran zituen, nik behar ba?). Anartean, amona metralleta deitzen ginuen batek, mahai gainean bietan bat jartzen du. Ez zen
programan. Jendea berotzen hasten da, xutitzen eta gorak
oihukatzen. Hori ere ez zen programan. Pentsatzen nuen
hobe izanen zela ixil guneak uztea, “meditatzeko” bezala,
bainan publikoak du manatzen. Aurreskua kantxan emanda,
egun guzietako arropa eta zapatekin.
Horren ondotik, Santi bertsolariak bizpahiru bertso bota zituen eta gero bi ume, ikastolan preparatutako texto bat irakurri

51

zuten bien artean. Gero Eltzegor taldeak Izarren Hautsa kantatzen du. Gero Xamanaren predikua, harri gorri bat eskuetan.
Orduan, Izaskunen urna berriz hartzen du eskuetan eta gesto
izugarri eder batean altxatzen du jenderi eskeiniz bezela. Bi
hitz erraiten ditu berak ere, jendea gonbidatuz bera eta familiarekin hautsen botatzera itsas bazterrean, Hendaian. Eltzegor
berriz kantuz: Hil, ez da ezer hiltzen (Iparraldeko bi militante
hilen omenetan sortua), bukatzen dena gaitarekilako aire eder
batekin. Jendea xutitzen da eta azken Eusko Gudariak.
Ondotik Hendaiara joan ziren guztiak…
Han, Hendaian, izan ginenok ez dugu seguru asko berehalakoan
ahaztuko Bidasoa itsasoarekin batzen den gunean egin zen Txapelaren errautsen ur-haizetaratzea. Hondarribitik atera zen txalupa bat
errautsak zeramatzatela eta, Hendaia aldetik uraren ertzean geundenon erdibidera etorrita, ur eta haizetara hedatu zituzten hautsak.

52

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

11. HILEN KONDENA
Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa –Gerra zibilaren (19361939) eragina Gipuzkoako herri bateko bizitza sozialean– Andoain: Askatasunaren alde eta frankismoaren aurka borrokatu zutenak oroituz. Xabier
Lasa Bergararen liburua da; luzea du goiburua, eta luzea da, orriz
orri, liburua bera, hamaika xehetasunez osatua. Ez dakit egingarria
ote litzatekeen, gerra hartako lekukoak desagertu samarrak direlako
besteak beste, baina historiaren korapilo eta kontuak argitzeko, ez
legoke gaizki egitea Xabier Lasak egin duenaren antzeko lanak. Bai
baitira oraindik, eta ez gutxi, lurpe ezjakinetara eta oroitzapenik ezera kondenatuta dirauten sasoi hartako hilak.
Erailketaren ekintza gupidagabeaz aparte, ‘post mortem’ zigorra ezarri zitzaien, nola fusilatu horiei, hala euren senideei.
Ez baitugu ahaztu behar gure gizartearen hileta-kulturan, atzo
arte ia erabat kristaua izan dena. Fusilatuak herriko hildakoen
komunitatetik at utzi ziren, zibilizatutzat edo leku sakratutzat
jotzen den edozein gunetik at, alegia. Eta ondoren, senideei
galarazi egin zitzaien hildako euretarrei agur eta ohore egiteko
edozein zeremonialik burutzea; ezin izan zuten erritualik zein
ekitaldi sinbolikorik antolatu, zeinak lagunduko zieten senide
hilaren galerak eragindako barru-mina kontsolatzen.
“Krimenen aztarnak garbitzeaz gain, inposaketa horien egileek bazuten beste helbururik: fusilatu edo desagertarazitakoek herritarren
gogoan pizten zuten oroitzapenik txikiena deuseztatzea erabat espazio guztietatik (fisikotik, sinbolikotik… memoria kolektibotik hitz
batez esanda)”, dio Xabier Lasak artez eta zoli.

53

“Nazioarteko Hitzarmenaren arabera, gerraren kodeak dio hil den
arerioari gutxieneko begirunea zor zaiola, identifikatua eta hilerrian
ehortzia izan dadin”, ohartematen du beste lerro batzuetan. Baina
gerrak izan ohi dira gizalegezko hitzarmen eta kode guztiak gehien
aipatu eta gutxien konplitzen diren abaguneak, eta gerrarik ez denean ere baliabide zikinenak erabili ohi ditu botereak, kode sakratuekiko errespetu handirik gabe. Gogoratu besterik ez dago nola
dauden oraindik bide bazterretan eta edozein zulotan 1936-1939ko
gerran hilak; irabazleek hilak, zehazkiago esateko. Badirudi bizien
arteko legeriatik ohiltzeko garbitu eta jaurti zituztela bidertzera edo
leizera edo edozein lekutara eta bertan estali. Eta esan liteke halaxe
dirautela oraindik, kondena amaitu ezinean. Ez baita ulertzen bestela zergatik dauden hainbeste oztopo eta arazo haiek lurpetik atera
eta senideek nahi luketen arabera ehorzteko, gizalegezko hiletak egin
ondoren.
Eliza bera gogaide eta bidaide ezin maitekorragoa izan du sarritan
botereak, eta 1936-1939ko hartan, eta ondorenean batik bat, halaxe
izan zuen. Honela kontatzen du Maria Jesusek eman eta Xabier Lasak jaso duen testigantzan:
Migel eta biek kaperan egin zuten gaua. Goizeko sei eta erdietan, egunsentiko lehen argi izpiekin batera fusilatu zituzten
patioan. Juanitak tiro deskargak aditu zituen hormaz bestaldetik. Anaiari bezperan leporatutako izugarrikeriekin sinetsi
ezinda geratu zen emakumea, eta, hantxe, gau beilan igaro
zuen goizalde guztia.
Biharamonean bi hilotzak Polloeko kanposantura eramaten
dituzte. Lekuko bakarra Juanita dela, hobi komunean lurperatzen dituzte.

54

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

Bi kristauen memoria duintzeko asmoz, Andoainen elizkizuna
ospatzea pentsatu zuten familiarrek. Rosendo Rekondo erretorearen erantzuna laburra bezain etsigarria izan zen: “Mezarik ezin da atera, eta isil-isilik lurperatu behar dira”.
Eta halaxe diraute oraindik haietako askok, lurpean, isil-isilik.

55

12. LUR BAT
“Hileta erritualak eta pertsonak bere buruarekiko kontzientzia hartzea, bata besteari lotuta daude; hileta erritualak eta heriotzarekiko
kontzientzia hartzearen hastapena daude, batez ere, lotuta”, dio
Olaf B. Raderrek Tumba y Poder liburuan, eta, aurrerago, beste datuok dakartza:
Ikertzaile batzuen arabera, duela 500.000 urtetik 300.000 urtera bitarteko Homo Erectusek egiten zituzten jadanik hileta
erritualak. Beste batzuek Behe Paleolitikoraino daramatzate
erritual horiek, duela 40.000 urteraino.
Eta liburu beretik Karl Lowithen esaldi hau: “Hilobiak gurtzea eta
asabak ohoratzea giza kulturaren ezaugarri antzinakoenaren bereizgarriak dira”. Gurtze hauek bizitzaren beraren osagarriak eta kulturaren bereizgarriak direla irizten dio Olaf B. Raderrek, eta “Asaba
usteen hilobiak eraikitzea, hileta handiak atontzea, soberania nahiaren berme legez hezurrak babestea: hauek dira defuntuen alde egiten
diren ekimen nagusiak, gizarteak ikertzean behin eta berriz azaltzen
zaizkigun ezaugarriak”, dio.
“Hilekiko pentsamenduaren garapenak eta asabekiko gorazarreak
ekarri zuen gizakiak bere tribu kide hila hobiratzea erritu batzuen arabera, eta ez lagatzea edozein lekutan jaurtikita”, esaten du aurrerago.
Baina beste bi-hiru lerro oraindik: “Talde bati dagokion memoriak
soilik sortzen du nortasun kolektiboa… Hilobia, talde sozial baten
erreferentzia puntu bihurtzen da, nortasun sortzaile izango den

56

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

oroitzapen baten beharra duelako, eta hilobiratze puntuari lotzen
dio oroimen kolektiboak”.
Lur ematea, hilei lur ematea da beraz gizalege, orain eta lehen: “Zaldi-Zoro gau hartan bertan hil zen, 1877ko irailaren 5ean, hogeita
hamabost urte zituela. Egunsentian, soldaduek buruzagi zenduaren
gorpua bere guraso atsekabetuei entregatu zieten eta hauek, zurezko
kaxa batean ipini, zaldi batek tiraka eramango zuen narra gainean lotuta jarri eta Buztan Orbanduaren agentziara joan ziren euren zama
penagarriarekin eta hantxe eraiki zuten tumulua. Belarra ihartzen
den ilargiaren zehar, indiarrek negar egin zuten bere buruzagi miretsi eta maiteenetariko baten galeragatik, hileta lekuaren alboan”. Dee
Brownen Ehortzi ezazue nire bihotza Wounded Kneen liburutik hartu
dugu.
Hileta erritualen hasiera gizakiak, pertsonak, bere buruarekiko kontzientzia hartzearekin, eta batik bat heriotzaren kontzientzia espezifikoaren sorrerarekin dagoenez kidetua, “Homo Sapiens”-a bere
garapenaren bidean “Homo Sepeliens” ere bilakatu zela dio Olaf B.
Raderrek. Baina hiletak eta hobiratzea ez ditu gizakiak edonon eta
edozein modutan egin eta egiten. Ez edozein lurretan. Hila, hobiratuta ere, non dagoen ez jakitea, lur eman gabe egotearen pare da.
Leku jakin bat, hilobi eta hilarri bat, lur jakin bat ez duen hila, esan
liteke lurrik eman ez zaion hila dela, atseden lekurik ez duena.
Bibliara jauzi egingo dugu, Genesi edo Hasierako 23. atalean Abraham eta Sararen ehorzketaz ari da:
Sara ehun eta hogeita zazpi urtez bizi izan zen. Kiriat-Arban
hil zen, Hebronen alegia, Kanaan lurraldean. Abrahamek dolu
egin zuen haren heriotzagatik.

57

Gero, Sararen gorpua zetzan lekua utzirik, hititarrengana joan
eta esan zien:
– Atzerritarra nauzue ni zeuen artean. Sal iezadazue lursail bat
nire emaztea ehorzteko.
Hititarrek erantzun zioten:
– Entzun, jauna: Jainkoak buruzagi egin zaitu gure artean.
Ehortzi, beraz, zeure emaztea gure hilobirik bikainenean. Gutariko inork ez dizu galaraziko bere hilobian ehorztea.
Eta, muliskan jarrai, beste jauzi bat, Joxe Azurmendiren Azken
egunak Gandiagarekin liburura oraingoan: “Dakigunez, hobiratzeko
zeremoniak (gorpua leku hautatuetara prozesioan eramatea, etab.)
eta ehorzketako erritualak Neanderthaleko gizakiak praktikatzen zituen, agian jada Homo Erectus-ek ere. Gain bizitza edo hil-ondoko
biziraupenaren ustea pregizakiarena da jada ausaz, kulturaren hasihasierakoa: h.d., pregizakia, jada erlijiosoa gizakitu da antza. Mito
zaharretan hildakoen herria, batzuetan izan litezke Dohatsuen Irla
batzuk edo landa erlijiosoak heroientzat”.
Leku jakin bat, leku hautatu bat nahi dugu bada hilentzat, hantxe
atseden har dezaten; edo –sinisteen arabera– erritualen bitartez
geuk, biziok, har dezagun atseden, hilak gurtzeko leku jakin hori
izanik. Ez al ditugu ia sakratutzat gure mendietako jentil baratzak
eta tumuluak?
“Hiletak bizientzat egiten dira, ez hilentzat. Pertsonok euren samina
adieraztearen plazera ukan dezaten egiten dira, baina hilak ez du horren beharrik, ez dagoelako hilda, bere bizia beste baldintza batzue-

58

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

tan jarraitzen baizik”, zioen Fun Chang jakintsu txinatarrak, Behar
duzun guztia zeruan dago lanean.
Hilak errausten eta haizetaratzen direnean ez da geratzen hilobirik,
gure gurtze eta oroigarritzat tumulurik. Baina errautsak ez dira edozein tokitan botatzen: itsasoan edo itsasertzean, mendiko leku jakin
batean, jaurtitzen dira, eta ingurune hori –izena duen ingurua– berori bilakatzen da erreferentzia eta oroimen gune.

59

13. HILEN LEKUA LURREAN
Ez dira, noski, berdinak munduko bazter guztietan egiten diren hiletak; ezta gutxiagorik ere. Kultura eta ohiturak, erlijio bat edo bestea… faktore ugari dago, bizitzako beste alorretan ez ezik hiletei
dagokienean ere, gauzak han eta hemen ezberdin, oso ezberdin edo
modu kontrajarrian egitera daramatzatenak gizarteak.
Denborak ere ez ditu gutxi aldatu mendeen buruan batzutan, eta
urte gutxian bestetan, hiletak egiteko moduak eta hilei eskaintzen
zaien gorazarrea, memoria eta lekua. Baina badira aldatzen ez diren
gauzak ere, kultura ezberdinen eta denboraren gainetik dirautenak
alegia, eta zenduak, gure aurrekoak, oroitzapenaren bitartez hilezkor
edo betiereko bihurtu nahia da horietako bat.
“Antzinako bizilagunek senide hilak ehorzteko era eta sistema sorta zabala baliatu zuten. Sarrien erabilitakoak honako hauek izan ziren: hipogeoa (lur azpian induskatutako gelak), trikuharriak (mahai
itxurako monumentu megalitikoak), harrespila (forma biribil edo
eliptikoa osatuz antolatutako harri sorta), zista (harri zapalezko kutxa baten baitan hildakoaren errautsak sartu eta harriz estali) eta tumuluak (gorpua edo zista estaltzen duen harri edo lur piloa), besteak beste”, irakur daiteke Berria egunkariarekin banatzen den Nora
aldizkariaren 14. zenbakian. Eta honela dio aurrerago:
Trikuharria: Kristo aurreko laugarren milurtekoan agertu ziren
trikuharriak, beren baitan talde-hilobiak hartu zituzten monumentu megalitiko handiak alegia. Berez, zutunik paratutako
harri multzoa da, haren gainean harlauza bat –edo gehiago–
datzala. Horrela, harrizko mahai baten tankera hartu ohi dute.

60

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

Euskaraz izen generikoa trikuharria da, baina herriz herri beste asko ere entzungo ditugu, sorgin-etxe edo jentil-arri, berbarako. Harrizko eraikin horien lekukotzarik zaharrenak Portugal, Bretainia eta Europako Iparraldean agertu dira. Trikuharriaren gorengo aroa, hilobi-kultura baten ardatz izan zenekoa
alegia, Kristo aurreko 2.500 eta 1.800 urteen artean gauzatu
zen. Brontze aroan, ostera, gibelera hasi zen. Gure herriaren
kasuan, neolitoaren eta Brontze Aroaren artean nagusitu zen.
Izan, talde-hilobi hauek “eternitaterako etxebizitzak” dira.
Europako bazter batzuetan hilotzak kobazuloetan utzi izan zituzten milaka urtetan. Ez dakigu zergatik batzuek haitzuloetan
eta besteek trikuharrietan, baina pentsa genezake oinarrian sinismen eta “beste munduaren” kontzepzio ezberdinak daudela…
Hildakoen gorpuekin gertatzen den bezala (burua mendebaldean eta oinak ekialdean jarri ohi zituzten) trikuharriak ere
eguzkiari begira daude. Izan ere mendialdekoen sarbidea ekialdeari begira zegoen; korridoredunak, ostera, hegoalderantz
zabaltzen dira. Erdi Aroko Kristau Kulturak eguzkiari lotutako sineskera horiek jaso eta bere egin zituen. Hala ehorzketetan, nola hildakoak kanposantura eramatean eta elizen
orientazioa zehazterakoan ere, “orientazio sakratua” kontu
handiz bete ohi zuten.
Kardaberaz bildumako 10. alean Anastasio Arrinda Albisuren Euskalerria eta eriotza atala hartzen duenak honakoa irakur dezake:
Euskalerriko mendietan “cromlech” antzeko arri-esiak daude
ta “baratza” izenekin ezagutzen oi dira: Jentil-baratza, Mairu-baratza… esi orren erdian lurrezko ontziak daude, erreautsez… baratza izena, beraz, eortzi lekua dezu…

61

Eta aurrerago: “leen illobiak etxean zeudela esana daukagu eta etxetik illobiak atera zituztenean bien arteko loturarik ez zan eten: etxea
eta sepulturaren lotura da gorputz bidea…”. Elizetatik hilerrietara
aldatu zirenean gauza bera, jakina.
Etxeko sua eta etxeko sepultura, orra biak batera eskeini kanpotik etorri dan andre berriari, etxearen jabe egiteko. Sutegia eta
sepultura, biak elkarrekin, eta sutegia da etxearen biotza.
Gai hau oparo aztertu dute autore ez gutxik eta ez gara hemen luzatuko, hori ez delako, zehazki bederen, lan honen helburu nagusia.
Baina, zilegi bekigu zertzeladaren bat edo beste ematea munduko
lekuren batzuetan hilobitzat hautatu ohi dituzten lekuez.
Anastasio Arrindak berak dio Pigmeoen ohitura dela umeak txabola
barruan sutokiaren azpian ehorztea. Gizonezkoak eta emakumeak,
berriz, etxetik at, basoko toki ezkutu batean.
Herri melanesiarren artean ohikoa ei da ahaide hurbilen hezurrak
aldean eramatea, Diego Blasco Crucesen La historia de la muerte liburuan irakurtzen denez. Bank uharteetako tribu australiarrek, zenbait denboraz heurekin eraman ostean zuhaitz adarretan lagatzen
omen dituzte hilen hezurrak.
“Karolinako Choctawstarrek etxe amankomunak zeuzkaten eskeletoentzat, eta baita Louisiana eta Virginiako indioek ere”, dio Blasco
Crucesek, eta beste lerro batzuetan honakoa esaten du:
Egiptiarren hilobiez ari garenean piramide handiak irudikatu
ohi ditugu. Faraoiek eta handiki batzuek soilik ahal zuten, ordea, halako hobiratzerik egin…

62

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

Erregeen Harana antzinako Egiptoko nekropoli handi bat
da, Luxordik (Tebastik) hurbil dagoena Niloren sartaldeko
ezpondan. Inperio Berriko (XVIII., XIX. eta XX. dinastiak)
300 inguru faraoiren hilobiak daude han, eta zenbait erregina,
printze, noble eta baita animaliak ere…
Grezian gorabehera sakratua zen hiletena, ez baitzegoen hila
lurperatu gabe uztea baino kondena okerragorik…
Erromatarren artean, bakoitzak ahal zuen guztia egin behar
zuen lur sailtxo bat eta oroigarri xafla bat lortzeko; hil-ondoan
ahanzturan galtzea arimaren lurruntzea baitzen…
Badira, hala ere, lurperatzeko hilobi handiosak eraikitzen aritu gabe
gorpuak hegazti sarraskijaleentzat uzten dituzten kulturak. San
Inazio Antiokiakoak ere bere gorpua zakur eta otsoentzat jaurtitzeko eskatu omen zuen.
Ezagunagoa egiten zaigu gorpuak erretzeko ohitura, berez antzinakoa dena eta gaur egun gure artean indartu dena.
Edonola ere, gizartean garrantzia handia dute hilobiek, gizatalde
batentzat erreferentzia puntu diren heinean. Ez al dira hilobien ordezko irudi munduan hamaika lekutan eraikitzen diren errege, erregina, gerlari… gizon eta emakumeen omenezko monumentuak?

63

14. HILETAK ANTZINAKO GERRAN
Edozein hiletak ohi du, baita landerrenak ere, bere solemnitatea,
bere handitasuna, bere izena, nolabait esateko, izengabetan galduta
eta lausotuta hobiratzen direnenak salbu, beharbada.
Txiroak eta galtzaileak, lurreko kondenatuak alegia, izan ohi dira gerretan eta, batik bat, izengabetan ez ezik ezerezean lausotuta geratzen
diren hilak eta hiletak. Irabazleek eta boteretsuek, aldiz, arranditsuki
egin ohi dituzte euren erorien aldeko hiletak; agintari eta handikien
hileten oihartzuna munduko azken bazterreko sukalderaino hedatzen dute, gainera, telebistaren bitartez.
Hemen zehaztu beharrik gabe gogora etorriko zaigu Estatu agintariek eta Gudari Ezezagunari, esate baterako egin ohi dizkioten lore
eskaintzak eta gurtzak, edo holako edo halako gudan eroriei egiten
zaizkien oroitzapen ekitaldiak.
Gerran hilen aldeko hileten narrazio zaharrenetakoak Homerok egiten dituenak izango dira agian. Literaturaren eskutik, antzinako historia bizi-bizi dakarkigute haren lerroek denboraren higadura gaindituz. Troiako harresiaren aurrean, Akilesen kuttun Patroklo hil du
Priamoren seme Hektorrek. Akilesek, orduan, suminetan, Hektorri
eraso dio eta larri zauritu du. Azken agonian, Troiako seme maiteenak honela erregutzen dio Akilesi:

64

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

Zure arimagatik, zure gurasoengatik eta zure belaunaldiagatik, otoi!
Ez dezatela nire gorpua zakurrek sarraskitu ontzi akeoen artean.
Har ezazu gure aitak eta gure ama ohoragarriak ere bahi ordaintzat
Oparo emango dizuten urrea eta brontzea eta
Eman iezaiezu nire gorpua gureei, etxera eraman dezaten,
Hileta-suari eskain diezaioten troiar gizon eta emakumeek.
Arerioa hilda ere ez da baretu Akilesen sumina eta mendeku nahia,
eta orpazurdak zulatuta idi narruzko hedeak haietatik pasatuz, bere
zalgurdiari lotzen dio Hektorren gorpua. Horrela, zaldiei eraginez,
tatarrazka darabil, laidoztatuz, arerio garaituaren gorpua, troiarren
dolua eta aienea areagotuz…
Bere lagun min hilaren aldeko hiletak egiten ditu gero Akilesek, eta
honela diotso:
Alai zaitez, oi Pratoklo, Hadesenean bazara ere,
Orain beteko baitut hitz eman nizuna:
Tatarrazka ekarri dut, zakurrei emateko, Hektorren gorpua,
Eta zure hileta-suaren aurrean lepatuko ditut
Hamabi seme troiar etxe onetakoak
Zure heriotzak eragin didan saminagatik.
Lurrean ahozpez laga du Akilesek Hektorren gorpua, eta hileta
oturuntza egiten dute: idi zuriak, ardiak eta ahuntzak eta urde koipetsuak erre zituzten Hefestoren sutan…

65

Eta hileta-suan erreko dute gero Patrokloren gorpua, burkideek bere
ohoretan moztu dituzten ilajeekin estalita eraman ondoren. Akilesek
ere moztu egin du bere adats horaila eta lagun min eroriaren eskuetan ipini du.
Ardi gizenak eta idiak hil zituzten gero suaren inguruan; bi dupin
ipini zituen Akilesek gorpuaren ondoan, eztiz betea bata eta olioz
bestea; eta zaldiak eta zakurrak hil zituzten hileta-suari emateko, eta
hamabi seme troiar lepatu zituen…
Troiarrak doluan eta oinazetan daude bien bitartean. Seme alaben
aurka laido-hitzak esanarazten dizkio saminak Priamori.
Halako batean, seme Hektorren gorpua etxera eraman ahal izateko
urrez eta brontzez zalgurdia zamatuta, Akilesengana doa.
Akilesen egoitzara sartuta, haren belaunei besarkatzen zaie Priamo,
honela erregutuz:
Oroi zaitez, oi Akiles, zure aita jainkotiarraz, hark ere bai baitu
Nik dudan adin hau, eta zahartzaroaren atarian dago.
Bere auzoek estutzen dute, agian, eta ez daukake zorigaitz eta
hondamenditik Salbatuko duenik.
Baina oraindik bizi zarela entzuten duenean, gutxienez…
Horrela hasten zaio, eta bere aberri Troiaren defentsan borrokan
ari zela hil dion seme Hektorren gorpua etxera eramatera joan dela
beregana esaten dio Akilesi, eta bahitura aberatsa ekarri diola horretarako.

66

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

“Dohakabea! Zenbat atsekabe jasan dituzu bihotzean!”, erantzuten
hasiz egiten dio harrera, eser dadila eskatuz…
Priamok, baina, ez du eseri nahi; ez, behintzat, Hektorren gorpua
ematen ez dion bitartean.
Ez nazazu areago haserretu! Erabakia neukan, oi agure,
Hektor zuri ematea…
Diotso Akilesek, eta aurrerago honela dio:
Erantzuidazu zintzoki galdetzen dizudanari:
Zenbat egun behar dituzu Hektor jainkotiarrari gorazarre egiteko bitartean geldirik egon nadin neu, eta nirekin gudarostea?
Eta Priamok:
Hektor jainkotiarraren aldeko hiletak egin ditzadan nahi baduzu
Egizu esango dizudana, oi Akiles, eta pozik izango naiz.
Badakizu herrian setiaturik gaudela; egurra menditik,
Urrutitik ekarri behar da, eta troiarrak beldur dira.
Bederatzi egunez negar egingo diogu jauregian;
Gero, hamargarrenean, bere hileta egingo dugu, eta herriak
Hileta oturuntza egingo du, eta hamaikagarrenean tumulua
eraikiko diogu.
Hamabigarrenean, beharrezkoa bada, borrokari ekingo diogu
berriro.

67

Eta Akilesek, azkenik:
Agure Priamo, gogoko duzun legez egingo da guztia;
Eskatu didazun denboran geraraziko dut gerra.
Horrela, bere seme kuttunaren gorpua Troiara darama Priamok, eta
hiletak nola egin zituzten esaten da liburuan: nola erre zuten hiletasuan Hektorren gorpua, nola eraiki zioten tumulua…
Eta, pentsatzen jarrita, nor ez da haserretu, garai basati haietan, denek elkar gorrotatzen eta hiltzen ahalegintzea baino ofizio hoberik ez zuten garai haietan, batak bestearen saminarekiko gutxieneko
itzala bazutela ikusita; nola ez harritu, gerraren gordinean etsaiari
seme eroriaren hiletak egin ditzan menia ematen diola ikusita…
Eta nola uxatu akordutik epaile eta politikari espainiar zibilizatu eta
guztiz demokratek gure burkide hilen aldeko hiletetan eragin duten
bortxakeria, oinazetan diren lagun eta senideak umiliatzeko eta areago mintzeko baliatuz abagunea…

68

Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga

15. HILARI ESKAINTZAK
Hilari egiten zaizkion eskaintzen artean bat izendatu behar banu,
argia esango nuke. Hil ondorengo mundua eta bideak ilunpekoak
irudikatzen ditugu nonbait, bizirik garen lekuotakoak ere beti-beti
oso argiak ez direlako agian.